- 80 lagunetik gora bildu ziren Topiceko areto nagusian larunbateko saio irekian.
- UDATEn postontzi bat izango da, martxoaren 20ra arte, diagnosia osatzeko kezkak partekatu eta proposamenak egin nahi dituzten herritarrentzat.
Tolosako Alde Zaharraren Hiri-Berroneratzerako Plan Integralaren aurre-diagnostikoaren nondik norakoak ezagutzeko saioa izan zen joan den larunbatean, Topic-en. Horrela, lanketa hau egiteko zehaztutako lau faseetatik lehenari amaiera eman eta bigarrena abiatu da.
Dokumentazioa aztertu eta teknikari eta bizilagunekin elkarrizketak egin ostean, plana garatu ahal izateko bederatzi lan-esparru zehaztu dira lehen fase honetan. Horiek guztiak aztertuta, asmoa da Alde Zaharraren ikuspegi orokor bat lortzea, eta gero hobekuntzak eta proiektuak egiteko bide-orria zehaztea, lehentasunen arabera. Hauek dira lan-esparruak:
-
Hirigintza: hiri kohesioa eta oreka sustatzea, hiri berroneratzea bultzatzea, morfologia eta dentsitatea, eta garapen berriak.
-
Etxebizitza: etxebizitzaren eskuratzea, birgaitzea, eta etxebizitza parkea.
-
Ingurumena: lurralde eredua eta lurzoruaren erabilerak, natura, ondarea eta biodibertsitatea; kutsadura, aldaketa klimatikoa, azpiegitura urdina eta berdea, hiri-azpiegituren sarea, eta baliabideen kudeaketa.
-
Mugikortasuna eta espazio publikoa: hurbiltasuna eta eguneroko joan-etorriak, bide-azpiegiturak, garraio publikoa, mugikortasun aktiboa, hiri espazio libreen sarea eta honen irisgarritasuna, eta bizikidetza maila espazioaren erabileran.
-
Kultura, kirola, hezkuntza eta euskara
-
Ondarea eta paisaia: ondarearen erabilera eta kontserbazioa, ondarea zabaltzea eta onestea.
-
Biztanleria eta gizarte-kohesioa: berdintasuna eta aniztasuna, haurrak eta gazteria, elkarguneak, eta osasuna eta zaintzak.
-
Garapen ekonomikoa: ekoizpen egitura, azokak eta hurbileko merkataritza, turismoa eta prestakuntza.
-
Partaidetza eta gobernantza: gobernantza egitura, parte-hartzea, administrazio elektronikoa eta arrakala digitala; gardentasuna eta zeharkatasuna.
Ikuspuntu eta esperientzia ezberdinak entzuteko eta ezagutzeko aukera ere izan zen, hain zuzen, antzeko proiektuak garatu dituzten hiru hiritatik etorritako protagonisten ahotik.
Juan Rubio del Val, Observatorio Ciudad 3R plataformako zuzendariak, Zaragozako eredua izan zuen hizpide; Jordi Güell, Oloteko hirigintza zinegotziak bertan egindakoari erreparatu zion; eta Ana Oregi, Gasteizko Hirigintza arduradun teknikoak azken hamarkadetan bertan egin duten lana errepasatu zuen.
Etxebizitzen birgaitzerako ereduak, erabilera aniztasunaren eta bizikidetzaren arteko oreka, komunitatearen kohesioa indartzeko dinamikak edota udal kudeaketa malgua izan ziren hiru protagonistek aipatu zituzten gako eta hari-muturretako batzuk. Guztiek azpimarratu zuten orain Tolosan egingo den bidea, urte luzez eta erakundeek –alor politikoak nahiz teknikoak– eta herritarrek elkarrekin egin beharrekoa dela.
Ander Figuerido Hirigintza zinegotziak azpimarratu du «oso aberasgarria» izan zela saioa: «Irakasgai asko jaso genituen, ez direnak soilik Alde Zaharrari aplikatzeko modukoak, herri osora zabaltzekoak baizik. Orain Tolosako beharretara egokitu behar dugu lanketa, ahalik eta adostasun maila zabalenak bilatuz, udal barruan nahiz herritarron artean. Herri gisa dugun erronka potolo bat da Alde Zaharraren berroneratzearena, eta denon parte hartzea beharrezkoa izango da, edozein dela ere jatorri, egoera, adin edo ideologia. Horrek aberastuko baitu benetan prozesua», azaldu du.
Era berean hau hasiera baino ez dela ere nabarmendu du Figueridok: «Luzera begirako proiektu bat da, eta ikuspegi horrekin jokatu behar dugu denok». Hala ere, udal gobernuak prozesu horri errotik heltzeko konpromisoa duela berretsi du, eta gehitu du horretarako ilusioz eta gogoz daudela. «Bizilagunek ere hasiera honetan berehalakoan har daitezkeen keinu batzuk eskatu dituzte, eta gure esku dauden eta har ditzakegun neurri horietako batzuen inguruan hausnartuko dugu. Beste batzuekin, berriz, jada lanean gabiltza».
Proposamenak luzatzeko aukera herritarrentzat
Gerturatu ziren herritarrek, Alde Zaharreko bizilagunak izan ala ez, proposamen eta iritziak emateko aukera ere izan zuten saioaren bigarren zatian. Lan-esparru horietako bakoitzaren inguruan hausnarketa egin eta ideiak zerrendatu zituzten. Proiektua garatzen ari den lan-taldearen esku jarri dira orain horiek, dokumentua are gehiago osatu dezaten.
Larunbatean Topicen egon ezin zuten eta parte hartu nahiko luketen bizilagunek ere izango dute iradokizunak egiteko aukera. UDATEn postontzi bat utzi da, proposamen horiek egin ahal izateko. Martxoaren 20ra arte izango da hori egiteko aukera.
Orain arte landutako aurre-diagnosiaren dokumentua, eta hizlariek erabili zituzten aurkezpenak, azpian ikusi eta deskargatu ahal izango dira.