2025 ekitaldiko udal aurrekontua eta Tolosako Hizkuntza Politikako Plan Estrategikoa, onartuta

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/12/26 | Udate (HAZ-SAC)
  • Auzoetako jaietako barraken tasak jaistea ere onartu du udalbatzak.

  

Abenduko osoko bilkuran hasieraz onartu da 2025. urteko ekitaldiko Aurrekontu Orokorra, udal gobernuaren aldeko botoekin.

Joan den astean udal gobernuak jakitera eman zuen bezala, 39.198.600 euroko aurrekontua izango du udalak datorren urterako. Oinarrizko zerbitzuak mantetzeko gastu arrunta 33,3 milioi eurokoa izango da, eta inbertsioetarako, berriz, 5,2 milioi. Aurrekontuaren inguruko xehetasunak albiste honetan kontsultatu daitezke.

Udalaren aurrekontuaz gain, Tolargi S.L. eta Tolosa Gasa S.A. sozietateenak ere osatzen dute Aurrekontu Orokorra. Tolargiren aurrekontua 1.134.959 eurokoa  izango da; Tolosa Gasarena, aldiz, 310.124 eurokoa.

2025-2034 epealdirako Tolosako Hizkuntza Politikako Plan Estrategikoa ere onartu du udalbatzak, aho batez. Hurrengo hamarkadarako bide-orriak bost ardatz estrategikotan lerrotutako 160 egitasmo jasotzen ditu, Tolosan euskara-gaitasuna handitzeko eta erabilera indartzeko helburuarekin. Planaren inguruko argibideak albiste honetan daude ikusgai.

Auzoetako jaietan, barraken tasak merkeago

Bestalde, herri jabari publikoaren erabilera pribatiboari eta haren aprobetxamendu bereziari dagozkien tasen ordenantzaren aldaketak onartu dira, aho batez. 

Orain arte Inauteriek eta Sanjoanek tasa berezitua izan ohi zuten ferialarientzat; bada, auzoetako jaietako tasak horiekin parekatuko dira aurrerantzean, bi helbururekin: alde batetik, ferialarientzat auzoetako jaiak erakargarriago egitea; eta, bestetik, herritarrei begira, barraketako txartelen eta bonuen salneurriak jaisteko oinarria jartzea.

Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ordenantzaren aldaketak, berriz, erreklamazio bat jaso zuen jendaurreko epean. Eguzkitik datorren energia aprobetxatzeko sistema termikoak edo elektrikoak jartzen dituzten etxebizitzei aplikatu dakieen hobariaren aipamenean bi aldaketa proposatzen ziren helegite horretan: batetik, argindarrari aipamena egitea; eta, bestetik, hobaria bost urtetan aplikatzea eskabidea egiten den unetik, eta ez sistema instalatzen den unetik. Alegazioa onartu du udalbatzak, udal gobernuaren aldeko botoekin.

Horrez gain, onartu da lau urtez luzatzea Tolosako Udalaren eta IZFE, S.A.-Informatika

Zerbitzuen Foru Elkartearen arteko Lankidetza-Hitzarmena, udalari zerbitzu informatikoak emateko xedea duena. Luzapena 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera kontatzen hasiko da.

Amaitzeko, Tolosako udal biztanleen erroldaren berrikuspenetik 2024ko urtarrilaren 1ean emandako biztanleen kopuru ofizialaren berri eman da osoko bilkuran: zifra ofiziala 20.109koa da, Estatistikako Institutu Nazionala emandako informazioaren arabera.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA