Etxebizitza eredu berriak ezagutu eta Tolosan aplikatzeko aukeren inguruan hausnartzeko jardunaldia, datorren astean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/11/13 | Etxebizitza
  • Iurramendin belaunaldi arteko etxebizitza proiektu bat abiatu asmo du udalak, eta prozesu horren abiapuntua izango da jardunaldi hau.
  • Azaroaren 20an izango da hitzaldia, 18:00etan pleno aretoan, eta gaian interesa duten gazte nahiz helduei zuzenduta dago.

 

Tolosako Udalak belaunaldi arteko etxebizitza proiektu bat abiatzeko asmoa du Iurramendin. Zehazki, Paper kaleko biribilgunearen alboan, gaur egungo etxeen eta Iurramendi kalean eraikitzen ari diren eraikinaren arteko orubean. Alokairu erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzak egitea dago aurreikusia, baina eredu berritzaileak jorratuz egin nahi ditu udalak. 

Adin tarte ezberdinetako bi kolektibori –gazteei eta adin nagusiko pertsonei– lekua egin eta elkarren arteko elkarbizitza sustatzea da nahia. Modu horretara, bi helbururi aurre egin nahi die udalak. Alde batetik, gazteen emantzipazio beharrari beste aukera bat ematea; eta, bestetik, adinekoentzako zaintza ikuspegia bilduko duen etxebizitza eredu bat sustatzea. 

«Egun, gazteak eta adin nagusiko pertsonak etxebizitza merkatutik baztertuta sentitzen dira, diru-sarrerengatik lehenak, eta irisgarritasun, kokaleku, bakardade eta bestelako ezaugarri eta beharrengatik bigarrenak. Hori dela eta, izaera publiko-komunitarioko eredu bat sustatu nahi dugu, bi kolektibo horien gaur egungo beharretara gehiago egokituko dena», azaldu du Ander Figuerido hirigintza eta etxebizitza alorretako zinegotziak.

Herritarrek egindako eskari bat da eredu berriak bilatzearena. Zehazki, Herritarren Batzarrak egindako gomendioetako bat izan zen, eta Gazteparte prozesuan ere bide hori jorratzeko eskaera egin zuten 18 eta 30 urte bitarteko gazteek.  

Jardunaldia lehenengo, eta parte hartze prozesua ondoren

Proiektu arkitektonikoaz haratago, ordea, proiektua modu integralean diseinatzerako orduan herritarrak engaiatu nahi ditu udalak, izaera, funtzionamendua, espazioen erabilerak, sarrera baldintzak, eta bestelako zenbait ezaugarri elkarrekin definitzeko. Horretarako, otsailean parte hartze prozesu bat abiatuko da, gutxienez lau saio izango dituena.

Aurrez, eta abiapuntu modura, proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu udalak, datorren astean egingo den jardunaldi batean. Eredu berriaren eta parte hartze prozesuaren xehetasunak eman ez ezik, beste eredu batzuk ezagutzeko aukera ere izango da hitzaldian: besteak beste, Usurbilgo Txirikorda proiektuarena.

Jardunaldia, azaroaren 20an izango da, asteazkena, 18:00etan pleno aretoan, eta gaian interesa duten gazte nahiz helduei zuzenduta dago.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA