Auzoak

Hitzordua
Informazio gehiago

Erdi Aroan, bailarako biztanleak parrokiatan multzokatuta zeuden; Laskoraingo eta San Estebango parrokietan, adibidez (XII-XII). Inguruko mendietako hegaletan zeuden baserriak oraingo landa auzoen jatorri dira: Santa Luzia, Monteskue, San Esteban, Urkizu, San Blas, Aldaba, Bedaio, , Aldabatxiki eta Auzotxikia

Santa Luzia

Tolosako auzo zaharrenetako bat da; XIV. mendera arte parrokia izan zen baselizaren izena dauka. Oria ibaiaren ondoan dagoen Arkauteko lorategia ikusteaz gain, Uzturre mendiaren hegaletara ibilaldia egin dezakezue: ikusiko dituzue telegrafo dorre zahar bat, pago motzekin egindako muga bat eta Iurramendikoaren aurreko erruki etxearen baratze ezagunak.

Monteskue

Baserri multzoa Ernio-Gatzume mendigune inguruan dago, herrigunetik oso gertu. Albiztur, Alkiza eta Hernialderekin egiten du muga, eta Urkizu auzoari lotua dago, ehunka urte dauzkan bide baten bitartez. Bide horretan dago PR-Gi 114 ibilbide motza. Ibilbide horretan ikusgai daude, batetik, 300 urte baino gehiagoko elurzuloa; bestetik, San Zipirio kobazulo-baseliza bitxiaren hondarrak; eta azkenik, pago motz mardulak.

San Esteban

Auzoa eta herrigunea trenbideek bereizita daude. Erdi Aroan, auzoan dorretxe bat zegoen, baita San Esteban baseliza ere; baseliza parrokia izan zen 1382. urtera arte eta portada Andre Marian dago gordeta 1918tik.  Auzoaren atzealdean Elosegi parkea dago eta, hara sartzeko, auzoa zeharkatu behar da.

Urkizu

Landa auzo bat da eta paisaia ederrak dauzka. San Esteban auzoaren gainean dago; oinez PR-Gi 114 ibilbidetik heltzen da, Lizardi olerkariaren monumentua igarota, edo Monteskue auzotik; errepidez, herrigunetik 10 kilometrora dago.  Auzoak mosaiko itxurako paisaia dauka: baserriak, baratzeak, larreak eta basotxoak daude. Deigarriak dira, gainera, zuhaitz motzekin mugatutako bideak eta zutargi erako pagadiak, garai bateko ikatz jardueraren isla; pago horietako bat, gainera, oso handia da.

http://urkizu-alurtxiki.blogspot.com.es/

San Blas

Auzo hori baseliza baten inguruan dago eratua; baseliza parrokia izan zen 1333. urtera arte eta 1820an berreraiki egin behar izan zuten, suak hartu zuelako. Sasoeta oinetxeak gogorarazten digu landa eremu batean gaudela, gero eta txalet gehiago egiten ari diren arren. Udal hilerria San Blasen dago (hilerriari lehen “Tximela baratzea” esaten zioten) eta, gainera, “zazpi bideak” izeneko ibilbide eremura sartzeko handik pasa behar da; horregatik, auzoan jende asko ibiltzen da.

Aldaba

Herrigunetik pixka bat urrunago dago, Intxur mendiaren hegalean, 350 metroko garaieran (errepidez, 12 kilometrora). Baserriak, frontoia eta San Migel baseliza daude, Aralarrera begira. Bi interesgune garrantzitsu bisita daitezke, PR-Gi 74 ibilbidea baliatuta: batetik, Burdin Aroko harresitutako barruti baten hondarrak (Kristo aurreko 1. milurteko herrixka batenak); eta bestetik, Lawson altzifre bat, 55 metrokoa (Albizturren dago).

Bedaio

Balerdi mendiaren itzalean dagoen landa auzo bat da. Hango mendi eta baserriak Elosegi markesarenak ziren, eta han ustiatu zituen Normandiatik ekarritako 5.000 sagarrondo.  Gipuzkoako baserririk handiena Bedaion dago eta Gurbillaundi izena du. Giroa lasaia da eta ibilaldiak egiteko aukera asko daude, hainbat ibilbide luze pasatzen baitira handik: GR- 121 (Gipuzkoako buelta), GR-20 (Aralarko buelta) eta GR-21 (Xabier-Loiola). Horiez gain, ibilbide motz bat dago haitz azpian: PR-Gi 112.

www.bedaio.com

Aldabatxiki

Auzo izen honen osagaiak Aldaba izena eta txiki izenondoa dira. Izenak berak dioen bezala, Aldabari itsatsita dagoen auzo txikia da, eta Tolosa hiribilduko herrigunearen hego-mendebaldean dago. Iparraldean, Albiztur erreka du mugakide; hegoaldean, Alegia eta Aldaba auzoa; ekialdean, Oria ibaia; eta mendebaldean, Albiztur. Historikoki, Gaztelako Koroak Euskal Herrian izan zituen jabetza apurretako bat osatzen dute Aldaba eta Aldabatxiki auzoek, nahiz eta Tolosak, 1290 aldera, orduan mendi bat zena erosi Antso IV.a Nafarroako Erregeari. Udalerriak ontzigintzarako egurra ateratzeko erabili zuen, eta negozio haren gainbehera etorri zenean, hiriak baserri batzuk eraiki zituen. Dozenaren bat baserri ditugu hemen, eta horien artean daude Artzabaltza, Bidaurreta, Isastegibekoa, Isastegigoikoa, Isastegietxeberri, Kanteraetxea, Mendierreka, Otzaraingoerrota, Otzaraingoikoa, Motxogoxoneta eta Balerdi baserriak, besteak beste. Ibaitik gertu dago, eta horri esker, nolabaiteko garapen industriala izan du, batez ere Artzabaltzako paper-fabrika han jarri, eta gero industrialde bihurtu zelako. Auzo honetan dago Euskal Herrian eta nazioartean sona eta onarpen handia duen sagardoa ekoizten duen Isastegi sagardotegia, XVII. mendetik sagardoa egiten duen baserria.

Auzotxikia

Urkizuko igoeran dauden baserriek osatzen duten auzo txiki bat dugu. Tolosako Aldabatxiki, Urkizu eta San Esteban auzoak ditu mugakide. Auzo honetara doan bidea N-1 errepidetik hartzen da; Tolosako hegoaldeko irteeratik, alegia. Gutxi gorabehera hogeita hamarren bat baserri daude bertan. Mende eta erdi bakarrik du auzo honen izenak, baina bertan daude Tolosako izenik ezagunenetako bat duten baserriak: izenean Ezeiza dutenak, hain justu. Hori dela eta, pentsa liteke, hipotesi hutsa izan arren, inguru honen izena, lehenago, Ezeiza izan zela. Gaur egun, sagarrondoak nabarmentzen dira auzo honetako paisaian, bertako sagardoa egiteko sagarra ematen dutenak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA