Zuhaitz Eguna
Zuhaitzek hamaika onura ekartzen diote bai ingurumenari, bai herritarren bizi-kalitateari ere. Horregatik, zaindu eta maite behar ditugu, etorkizuneko belaunaldiei utziko diegun ondarea baitira. Tolosan urteak daramatzagu Zuhaitz Eguna ospatzen. Amarotz edo Belateko bizilagunek, ikastetxetako ikasleek eta boluntarioek parte hartu dute, beste batzuen artean, zuhaitz berriak aldatzen.
Martxoak 22, Uraren Mundu mailako Eguna
Ura denon ondasuna da, bizitzaren oinarri. Urik gabe, gure bizitza gelditu egingo litzateke. Lurrean dagoen ur guztitik, % 0,008 besterik ez da edangarria. Gero eta ur gehiago kontsumitzen dugu industrian, nekazaritzan, eta herri eta hirietan.
Uraren inguruan ohiturak aldatu behar dira, kultura berri bat sortu. Ur gutxiago kontsumitu behar dugu, ezin dugu alferrik gastatu hain baliabide preziatua. Uraren Mundu mailako Egunean, behar hau herritarrei helarazi eta aldaketarako tresnak zabaltzen ditugu.
Planetaren ordua
WWF (WorldWideFundfor Nature) erakundearen ekimen honen bitartez pertsonei, enpresei, erakundeei zein gobernuei ordu betez argiak itzaltzea eskatzen zaigu. Ekintza sinboliko honekin adierazten dugu klimaren aldaketa axola zaigula eta irtenbideak bilatzeko konpromisoa hartu nahi dugula.
Aste Berdea eta Nazioarteko Ingurumen Eguna
Nazio Batuen Erakundeak ekainaren 5a izendatu zuen Nazioarteko Ingurumen Eguna. Tolosako Udalarekin batera, biztanleriari eguneroko ekintzetan ingurumenaren aldeko apustua egiteko gonbita egiten diogu ekintza desberdinen bitartez.
Irailak 22, Nire kotxerik gabeko eguna/Mugikortasun Iraunkorraren Astea
Irailaren 22an Nire kotxerik gabeko eguna ospatzen da Europako Mugikortasun Astearen barruan. Kotxea eta erregai fosila behar duten ibilgailuen gehiegizko erabileraren ondorio larriak gero eta nabariagoak dira gure hiri eta herrietan: zarata, airearen kutsadura, istripuak, auto pilaketak, espazio publikoaren okupazioa eta gizarte kohesioaren galera... Beraz, premiazkoa da arduratsu jokatzea.
Hori dela eta, Tolosako Udalarekin eta eskualdeko programa orokorrago baten baitan, Tolosako ikasle eta herritarrentzako hainbat sentsibilizazio ekintza antolatzen ditugu aste honetan zehar.
Hondakinen Prebentzio Astea
Europa mailako egitasmo honek hondakin sorrera gutxitzea du helburu. Horretarako, aste batean zehar hainbat erakundek (administrazio publikoak, enpresak, GKEak, eta abar) sentsibilizazio-ekintzak antolatzen dituzte herritarrei mezua helarazteko.
Tolosan, 2009an eman zitzaion hasiera ekintza honi eta gaur egun ere jarraitzen du gaiak duen garrantziagatik. Nahiz eta urte osoan zehar gaia esparru desberdinetan lantzen den, egun honetan kalera irten eta arazoaren ikusgarritasuna handitzen dugu, konponbidea bilatzeko aukerak plazaratuz.
Gabonetako apaingarri Jasangarriak
Orokorrean, kontsumo handiko egunak dira Gabonak eta energiaren kasua ez da salbuespen bat. Egun horietan erabiltzen diren apaingarriek argiztapenean egon dira oinarriturik urte luzez eta horrek talka egiten du energia arloan eraman beharko genukeen norabidearekin.
Hori dela eta, Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duten eskolekin, material berrerabiliekin herria apaintzeko proiektua jarri dugu martxan, horrela, hondakin gutxiago sortzeko eta hainbeste energia ez xahutzeko.